Prest gaude!!!!
Diotenez, egindako lan orok omen dakar bere saria; eta hala gaur, ilusioz eta pozez gainezka elkartu gara horrenbeste denboraz itxaroten egon garen egun honetan. Geure maletak gogoz, jakinminez eta irrikaz bete ditugu, eta hauek aldean hartuta, hegaldiari hasiera emateko prestatu gara.
Gure hegoak zabalduta, zeruko hodeien artean murgildu gara esploratzeko mundo berri batean lur hartu asmotan. Txokorik txoko, zelai berdez, pub alaiz, istorio harrigarriz eta kultura propioz josita dago mundu hau, eta geure egunerokotik at, ikasteko eta gozatzeko milaka bazter ezkutu gordetzen ditu. Iritsi orduko ohartu gara inguru berri bat zapaldu dugula, bertako hizkuntza, kale eta giroagatik, besteak beste. Hala ere, esan daiteke Dublinek ere baduela gure herriaren antzik, bere txikitasun berezi horrek betetzen baititu bertako diren kultura, historia, musika…
Bertako pub bitxi eta berezi batean ahoak ondo goxatu ostean (Irlandan aurki daitekeen zaharrenean), errazagoa da orain hiri eder honen inguruko pare bat hitz idaztea, gure sentipen oro ere, bertako zaporeen kutsuz busti baititu. Behin kultura honen zatitxo bat dastatuta prest gaude bidaia osoaz gozatzeko!
PDFa deskargatu